III. Atala. Arartekoaren jarduerak arreta publikoa behar duten taldeak babesteko
2. Emakumeen berdintasuna eta osotasuna
2. Emakumeen berdintasuna eta osotasuna
I. Aurrekariak
Konstituzioko 14. artikuluak berdintasunaren eta sexuaren ziozko diskriminaziorik ezaren printzipioa ezartzen du. Konstituzio-arau bereko 9.2 artikuluak, berriz, bene-benetako berdintasun gisa ulertzen du hori, eta formalki aldarrikatutako berdintasun xede hori betetzea galarazten duten oztopoak kentzera behartzen ditu botere publikoak. Arartekoak pertsonen eskubideak aldezteko dituen egitekoen artean dago emakumeen eta gizonen berdintasuna aldeztea. Horretarako, euskal botere publikoei eskatzen die har ditzatela beharrezko neurriak berdintasun hori bene-benetakoa izan dadin. Erakunde hau emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan egiten ari den lanean ikusten dugu oraindik ere gure gizarteko eremu askotan desberdintasuna dela nagusi, nahiz eta orokortu egin den sexuaren ziozko berdintasun-printzipioaren aintzatespen formala.
Gainera, gure gizartean gaur egun oraindik ere emakume askok jasaten dute pertsonen eskubideen zapalkuntza handiena, indarkeria matxistaren ondoriozkoa alegia, emakumeen biziaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurka baitoa. Erakunde honentzat, kezka nagusia da hori, eta, ondorioz, arlo honetan egiten dugun lanaren zati handi bat hartzen du. Hala, gure eginkizunen barruan, zalantzarik gabe, erabateko lehentasuna dute indarkeria matxista erauzteko borrokak eta ahaleginak.
Arartekoari legez egotzitako eskumenen esparruan, batez ere gure eginkizun nagusia da euskal administrazio publikoak kontrolatzea, berdintasunerako eskubidea eta sexuaren ziozko bereizkeriarik ez jasateko eskubidea zapal ez daitezen. Nolanahi ere, gero eta garrantzi handiagoa hatzen ari da administrazio horiei exijitzea abiaraz ditzatela benetako berdintasuna lortzeko ekintza espezifikoak, lehen aipaturiko Konstituzioko aurreikuspenak garatuz gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako lege berrietan ezarri diren parametroekin bat etorriz.
Bestalde, administrazio publikoen jarduna zorrotz kontrolatzeaz harago, arlo honen jardueraren xede da, gero eta gehiago, emakumeentzat eta gizonentzat benetan berdintasunezkoa eta bidezkoa izango den gizarte bat sustatzea eta bultzatzea. Gure sustapen-jarduketen bidez, honako hau lortu nahi dugu: instantzia publiko eta sozial guztiek egin dezatela emakumeen gizarte-protagonismoaren eta erabateko herritartasun aktiboaren alde, bazterrera utzita oraindik ere emakumeak gizonen aldean gutxiesten dituzten inertzia kultural eta sozialak.
Hainbat esparru eta arlotan sortzen dira emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloari eragiten dioten gaiak. Beraz, beharrezkoa da, gure jarduketa guztietan genero-ikuspuntua kontuan hartzea. Atal honetan azalduko ditugun jarduerak zeharkako ikuspegi horren emaitza dira, bai eta gai jakin batzuetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan jorratzen ditugun ekintza espezifikoena ere; hala ofiziozko jarraipena egiten dugun auzietan nola bultzatzen edo sustatzen ditugun auzietan eta herritarren kexen bidez sortzen direnetan.
Arlo honetako lana hiru ardatz hauen inguruan eratu da, hirurak ere funtsezko helburuak erakunde honentzat: emakumeen aurkako indarkeria erauztea, sexuaren ziozko bereizkeria desagerraraztea eta gizarte-eremu guztietan lortzea bene-benetako berdintasuna.
II. Arloa kopurutan
2010. urtean, arlo honi esleitutako 12 kexa izapidetu ditu Arartekoak, hau da, jasotako kexa guztien %0,97. Kexa horiek azpiarlotan banatzen dira, era honetara:
EMAKUMEEN BERDINTASUNA ETA OSOTASUNA | 12 |
Emakumeen aurkako indarkeria matxista | 6 |
Emakumeen aurkako bereizkeria | 5 |
Administrazioaren funtzionamendua eta prozedura administratiboa | 1 |
Ikus daitekeen bezala, emakumeen berdintasunerako eta osotasunerako arloa ez da nabarmentzen, beste arlo batzuekin konparatuz gero, herritarrek kexa asko jarri dituztelako. Gure iritziz, horrek erakusten du herritarrak ados samar daudela administrazio publikoek esku hartzen duten auzietan sexuaren ziozko bereizkeriarik ezaren printzipioa betetzeari dagokionez egin ohi duten kudeaketarekin. Egia da hori har daitekeela administrazio-jarduketak berdintasun formalaren printzipioari dagokionez oro har zuzenak direla erakusten duen adierazletzat, baina beharrezkoa da, orobat, agerian jartzea gaur egun emakumeentzat bene-benetako berdintasuna lortzea dela administrazio publikoek aurre egin beharreko erronkarik handiena. Horrek berekin dakar helburu hori lortzeko neurri espezifikoak martxan jartzea, eta, kasu askotan, ekintza positiboko neurriak ezartzea. Beraz, erakunde publikoek landu beharreko lan-arloa askoz ere konplexuagoa da, eta, askotan, modu sotilagoan heldu behar izaten zaio; halakoak ez egitea edo agertzea ez da hain nabarmena herritarrentzat administrazioaren kontrako salaketak aurkezteko orduan. Halako kasuetan, zailagoa da betebeharrak ez direla bete egoztea. Horren ondorioz, Arartekoak, pertsonen eskubideak aldezten dituen erakunde gisa, horretaz jabetu behar du, eta arreta berezia jarri errealitate horri. Jabetze horren emaitza dira emakumeen berdintasunerako eta osotasunerako arloak egindako jarduketetako asko. Ez dira soilik herritarren eskabideei emandako erantzunak, baizik eta ofiziozko jarduketen edo eskubideen sustapenaren lan-esparruan egindako jarduketak dira. Beraz, ez dira jasota geratzen herritarren kexei buruzko datuetan.
Bestalde, aurten jasotako kexen artean, emakumeen aurkako indarkeria matxistarekin loturikoak nabarmentzen dira proportzioan. Guztira 6 izan dira, arloan jasotako kexa guztien erdiak. Datu hori esanguratsua da erakunde honentzat; izan ere, aurreko urteetako datuez oso bestelakoa da, arlo honen gaineko kexarik ez baitzegoen ia bat ere. Aurrerago emango dugu indarkeria matxistaren inguruan planteatu diren gai nagusien berri, baina aurreratu dezakegu kasu guztietan kexak indarkeria matxista pairatu duten emakumeek aurkeztu dituztela eta ez daudela ados laguntza emateko eskumena duten administrazio publikoek emandako erantzunarekin.
Azkenik, nabarmendu nahi dugu batez ere emakumeei eragiten dieten kexa batzuk ez zaizkiola arlo honi atxiki; izan ere, berez beste arlo batzuetan kokatzen dira, eta, beraz, ez dira jasotzen lehen aipaturiko kopuruetan. Alabaina, horrek ez du ezkutatu behar kexa horietan planteatutako gaiek emakumeen egoerarako duten garrantzia; izan ere, kasu askotan agerian jartzen dute emakumeek oraindik ere bazterketa estrukturala pairatzen dutela. Horixe gertatzen da, esate baterako, familiei laguntzeko arloari atxikitako kexa askorekin, batez ere lana eta familia bateratzeari dagokionez, bai eta funtzio publikoaren, gizarte-ekintzaren edo adinekoen arloei atxikitako kexekin ere. Sistematika arrazoiengatik, arlo horiei dagozkien epigrafeetan azalduko dugu zenbaterainoko irismena izan duten –hor esandakoari gagozkio–; dena dela, saiatuko gara behar bezala nabarmentzen planteatzen diren auziek emakumeentzat izan dezaketen garrantzi berezia.
III. Araudia eta gizarte-testuingurua
2010. urtean ez da nabarmentzeko moduko lege-erreformarik egin emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren eremuan. Horrek ez du esan nahi erabat garatzen eta aplikatzen direnik Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko berdintasunari buruzko legeetan jasotako aurreikuspenak.
• Hala, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Eusko Legebiltzarraren otsailaren 18ko 4/2005 Legeari dagokionez, zer garatu asko dago oraindik, eta beste batzuk oraindik ez dira bakean aplikatzen. Batez ere atentzioa eman digutenen artean, honako hauek nabarmendu behar ditugu:
- Publizitatea kontrolatzeko organoa: Beste urte batez, ikusten dugu oraindik ez dela guztiz garatu aipaturiko legeko 27. artikuluan ezarritakoa, hau da, ez dela sortu publizitatea kontrolatuko duen eta komunikabideek igorritako edukien kode etikoak bermatuko dituen organo bat. Begira organoa behin-behinekoa da oraindik ere, Emakundek jakinarazi digunez, harik eta komunikabideek ematen dituzten publizitate-edukiei buruzko kode etikoak lantzeko prozesua amaitzen den arte. Nolanahi ere, adierazi digute horretarako funtsezkoa dela ETIBko Berdintasunerako Plana amaitzea. Horrekin, ezarrita geratuko da organo horren eginkizunak erabat garatzeko oinarrien zati handi bat.
- Genero-indarkeria jasaten duten emakumeen harrerarako baliabideak: horiek araututa daude irailaren 11ko 148/2007 Dekretuan, etxeko eremuan tratu txarren biktima diren emakumeen harrerarako baliabideak arautzekoan. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak (Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza) egindako 2009. urteko egoerari buruzko txostenean, "EAEn genero indarkeriaren biktima diren emakumeak" izenekoan, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden harrera-baliabide guztien berri ematen da (85. orria eta hurrengoak). Nolanahi ere, egiazta dezakegu oraindik badaudela garatu beharreko zenbait eremu dekretu horren esparruan; besteak beste, sendatzeko eta gizarteratzeko intentsitate handiko zentro esperimental bat sortzea. Horretarako eskumena Eusko Jaurlaritzak du.
- Euskal Autonomia Erkidegoko Berdintasunerako Legean ezarritako ekintza positiboko neurriak: eremu asko daude garatzeko oraindik ikuspuntu horretatik, eta erakunde honentzat, administrazio publikoek berdintasunaren gaineko lege-xedapenak betetzen dituztela kontrolatzeko parametro bat da hori. Alde horretatik, aurrerantzean ere administrazioei exijituko diegu susta ditzatela era horretako ekintzak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna oraindik bene-benetakoa ez den eremuetan, emakumeek gizonen aldean jasaten duten bazterketa amai dadin laguntzeko. Kontrolatzen zaila den administrazio-jarduera da, baina gisa honetako ekintzak dira, gure iritziz, administrazio publikoen lehenengo erronka, batez ere gai jakin batzuetan, hala nola: lana eskuratzea, familia-erantzukizun partekatua, kultura, kirola eta jaiak.
- Gainerakoan, ia erabat martxan daude Euskal Autonomia Erkidegoko Berdintasunerako Legean ezarritako administrazio-neurriak. Hori, legearen betetze formalaren ikuspuntutik, oso positiboa da.
- Berdintasunerako planei dagokienez, jadanik legeak ezarritako plan gehienak buruturik, euskal administrazioentzako arazo nagusia da plan horietako aurreikuspenak betetzea eta lehenengo emaitzak ebaluatu ostean hobetzeko ondorioak ateratzea.
• Emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa aplikatzeari dagokionez, lege honen edukia erabat zeharkakoa da, eta, horren aplikazioari dagokionez, lana eta familia bateratzeko eskubideak Konstituzioan zer garrantzi duen aztertu dugu bereziki. Auzi horri dagokionez, ikus familiei laguntzeko arloari buruzko txosten honetako atala (III.1 kapitulua) eta administrazio publikoen zerbitzura aritzen diren langileei buruzkoa (II. kapitulua).
• Gainerakoan, uste dugu 2010. urtea, zoritxarrez, genero-indarkeriaren biktima diren emakume gehiago hil direlako geratu dela markatuta. Horren ondorioz, hainbatek proposatu dute Genero Indarkeriaren Kontrako Erabateko Babesari buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa erreformatzea. Jabetzen gara zuhur hitz egin behar dela erreforma horiei buruz, baina ikusten dugu horren aplikazioa hainbat arazo ari dela sortzen, besteak beste gai hauei dagokienez: hainbat erabaki judizial; genero-indarkeriaren lege-kontzeptuaren ondoriozko aplikazio subjektiboaren eremua, bazter uzten baitu biktima diren zenbait emakume; adingabeen babesik eza; eta zenbait neurriren eraginkortasunik eza, esate baterako, urruntze-aginduarena. Uste dugu beharrezkoa dela gogoeta sakon bat eta azterketa objektibo eta zorrotz bat egitea genero-indarkeria jasaten duten emakumeei aplikatzen zaien justizia-sistemaren eraginkortasunaren inguruan, baita haien benetako babesaren inguruan ere. Alabaina, gure eskumen-esparrua erkidegoa den aldetik, emakumeei beharrezko eremu guztietan laguntzeko prestazioak eta baliabideak ematen dituzten beste administrazio publiko batzuen erantzuna aztertzea dagokigu. Alde horretatik, gure autonomia erkidegoan eztabaida sortzen ari da komeni ote den genero-indarkeria jasaten duten emakumeei laguntza osoa emateko lege bat izatea. Erakunde honetan uste dugu auzi hori legearen bitartez bideratzeari buruzko eztabaidak ezin duela ordezkatu gaur egungo baliabideak hobetzeko benetako asmoa, horrexek izan behar baitu arlo honen gaineko edozein erreforma egiteko arrazoia. Horretarako, beti ez da beharrezkoa legeak egitea; batzuetan, hobe izaten da tresna malguagoen bidez arautzea, hala nola unean-unean sortzen diren beharrei erantzun dinamikoagoa emateko moduko araudien bidez, bai eta neurri berriak ezarriz ere, jadanik aplikatu diren neurriei buruzko ebaluazioen emaitzak kontuan hartuta. Guztiarekin, uste dugu beharrezkoa dela eraginkorrak edo nahikoak ez diren irizpideak berrikusteko eta hobetzeko ekimenak babestea. Nolanahi ere, arlo honetako jardueren gainean ematen ditugun azalpenetan xehekiago azalduko ditugu gure iritziz zer berrikusi eta hobetu behar den Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek genero-indarkeriari ematen dioten erantzunari dagokionez.
IV. Jarduera-plana
2010. urteko jarduera-planaren esparruan, arlo honetan egindako jarduketa nagusien berri eman dugu, jarraian aipatuko ditugun epigrafeekin bat etorriz. Arlo honetan garatutako jarduketa nabarmenenak aipatzean, 2010. urtean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan Arartekoaren aztergai nagusiak zein izan diren azalduko dugu.
IV.1. Elkarteekin egindako bilerak
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren eremuan ikuspegi desberdinekin lan egiten duten elkarteekin egindako bilera hauek nabarmendu behar ditugu.
a. Prostituzioan jarduten diren emakumeekin lan egiten duten elkarteak
Arartekoari kezka sortzen dio prostituzioan lan egiten duten emakumeen babesgabetasun-egoerak, eta, horren ondorioz, erabaki dugu beharrezkoa dela horren gaineko gogoeta egitea, erakunde publikoek emakume horien bizi-baldintzak hobetuko dituzten neurriak eta politikak aktibatzeko moduan hel diezaioten auziari, era horretara emakume horietako askok maiz izaten duten egoera zail eta ahul hori duintzeko eta arintzeko. Horretarako, egokia irizten diogu gaur egun emakume horien alde lan egiten duten elkarte guztiekin bilera bat egiteari, gaur egun eremu horretan zeresan handiagoa dutenen lana zuzenean ezagutzeko eta elkarte horiek zer eskatzen duten entzuteko. Modu horretara, gizartean bertan haztatuko dugu zein iritzi eta espektatiba dauden erakundeek prostituzioan jarduten duten emakumeen egoerari eman beharreko erantzunaren inguruan.
Bilera horretara Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elkarte hauetako ordezkariak joan ziren: Gizarterako, Arabako Hiesaren Kontrako Batzordea, Bizkaiko Hiesaren Aurkako Hiritar Batzordea, Arrats Elkartea eta Gipuzkoako Hies Kontrako Elkarte Hiritarra. Gainera, harremanetan egon gara Bizkaiko Askabide elkartearekin, bilerara inork etortzerik izan ez bazuen ere, eta gai honen inguruko informazioa trukatu dugu.
Bileran, batez ere, elkarte horiek hiru lurraldeetako bakoitzean prostituzioa nola ikusten duten aztertu genuen, ondoko alderdi hauei dagokienez:
• Prostituzioan jarduten diren pertsonen egoeran nagusiki zer arazo sumatzen diren: gaur egun betetzen ez diren eskaera eta behar konkretuak.
• Ados dauden edo ez pertsona horiei zuzenean edo zeharka eragiten dieten politika publikoekin (bai eta eremu horretan lan egiten duten elkarteek jasotzen duten laguntzarekin ere): udalen, aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren politikak.
• Zer jarrera duten auzi hori arautzeko beharraren inguruan. Zein bide izan daitezkeen arlo hori arautzeko.
Bileraren emaitzak oso aberatsak izan ziren, eta informazio eta iritzi truke bizia izan zen kontu askoren inguruan; alabaina, txosten honen mugak direla eta, ezin ditugu hemen xeheki jorratu.
Arartekoarentzat, Euskal Autonomia Erkidegoan prostituzioa zein egoeratan dagoen jakiteko lehen urratsa izan da. Asmoa da horren inguruan hurbileko ikuspegia izatea eta etorkizunean gai horri heltzeko modua izatea, auziari buruzko eztabaida publikoa sortuko duten beste tresna batzuen bitartez. Hala, 2011. urterako lantegi horretan sakontzen jarraitzeko asmoa dugu, eta, ziur asko, herritarren eztabaida foro bat antolatuko dugu horretarako.
b. Berdintasunerako Langileen Elkartea
Halaber, Euskal Herriko Berdintasunerako Langileen Elkartearekin egindako bilera nabarmendu behar dugu. Batez ere profesional horien lan-eremuari eragiten dioten eta Arartekoaren arlo honentzat zuzeneko interesa duten gaiei buruz eztabaidatu ahal izan dugu elkarte horrekin.
Besteak beste, honako gai hauetaz jardun genuen: emakumeentzako kirola sustatu behar dela; udal eremuan dutela lan egiteko eta sakontzeko aukera handiena, batez ere eremu horretan egiten baitute lan pertsona horiek; Euskal Herriko tradizio eta festetan emakumeek berdintasunez parte hartu behar dutela –hori ere bereziki udal eremuari eragiten dion kontua–; genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzen dieten pertsonak ez daudela trebatuta eta espezializatuta, eta hori, erakunde honek sumatu duenez, benetako arazoa dela emakume horiei ematen zaien laguntzari dagokionez; ikuspegi horrekin bat datoz elkarte horretako ordezkariak. Azken kontu horri dagokionez, aipatu genuen beharrezkoa dela berdintasunerako langileen eta gizarte-langileen artean komunikazio handiagoa izatea, halako moldez non genero-indarkeriaren biktimen gizarte-laguntzetan une oro ziurtatuko den genero-ikuspegia izatea, bereziki garrantzitsua baita hori arlo honetan.
Azkenik, bileran izan zirenek adierazi ziguten kezkatuta daudela gaur egun zenbait administrazio (batez ere udalak) generoarekin loturiko arloei edo unitateei atxikitako lanpostuak betetzeko eskatzen ari diren profilak direla eta. Salatu zuten eskatzen dituzten profilak urrundu egiten direla berdintasunerako langile gisa prestatu direnen prestakuntza espezifikotik, eta modu horretara hutsaldu egin litekeela genero unitate edo arlo horiek administrazio publikoetan duten eginkizuna. Bat etorri ginen salaketa hori zehaztu egin behar zela, behar bezala aztertzeko, eta, hala, Arartekoak 2011. urtean kontu horrekin loturiko jarduketaren bat planteatu ahal izateko.
c. Irungo eta Hondarribiko alardeetan emakumeek berdintasunez parte hartzearen alde lan egiten duten elkarteak
Arartekoak aukera izan du urtean hainbat bilera egiteko Hondarribiko Jaizkibel konpainiako ordezkariekin eta Irungo Alardezaleak elkarteko ordezkariekin. Bi elkarteak aritzen dira lanean Irungo eta Hondarribiko alardeetan emakumeek berdintasunez parte hartu ahal izateko. Harreman horietan irmoki eutsi diogu gatazka hori konpontzeko lan egiteko konpromisoari, Zuzenbide Estatuaren aginduak bete daitezen eta herri horietako jaietan emakumeek erabateko lekua izan dezaten, gizonezko herrikideek dituzten baldintza berberetan. Alde horretatik, Euskal Herriko jaietan emakume eta gizonen berdintasuna bermatzeari buruzko abenduaren 21eko gure 3/2010 gomendio orokorra nabarmendu behar dugu. Gomendio horretan, beste behin ere erakunde honek gai horren inguruan duen jarrera garbia agertzen da. Horri buruz xehekiago jardungo dugu aurrerago.
d. Genero indarkeriaren aurka lan egiten duten elkarteak
Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak eztabaida-talde bat sortu du genero-indarkeriaren biktimei laguntzeko euskal lege bat egitea komeni den edo ez aurretiaz hausnartzeko, eta, horren harira, harremanetan jarri ahal izan gara gaur egun emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko eta borrokatzeko nahiz emakume horiei laguntzeko lan egiten duten hainbat talde eta elkarterekin. Testuinguru horretan, talde horien eskaerak eta kritikak entzun ahal izan ditugu, eta, oro har, adierazi dute laguntza-sistema ez dagoela behar bezain ondo koordinatuta; izan ere, ez dirudi hara jotzen duten biktimei espero duten erantzuna ematen dienik.
Elkarte horiek adierazitakoa nabarmenki bat dator erakunde honek gaur egun biktima horiei ematen zaien laguntza sozial, juridiko eta ekonomikoen sistemari buruz duen iritziarekin, auzi horren inguruan jaso ditugun kexak kontuan hartuta. Horiei buruz xehekiago jardungo dugu aurrerago. Batez ere, gabezia hauek hauteman dituzte: hainbat baliabide ez direla aski, ez dagoela koordinaziorik administrazio batzuen artean, indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzen dieten pertsonek ez dutela prestakuntza espezifikorik administrazio batzuetan, laguntza horren zenbait eremutan ez dagoela genero-ikuspunturik eta oso zurrunak direla prestazioen arauak, ez baitute uzten banan-banako erantzuna ematen arauetan jasotako premisekin nekez uztar daitezkeen baina hala ere laguntza publiko behar besteko bat merezi duten kasuetan. Aurrerago, 2010. urtean genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei ematen zaien laguntzaren inguruan jasotako kexez mintzatzean, kontu horiei buruzko ikuspegi zehatzagoa ematen saiatuko gara.
IV.2. Administrazioekin eta erakundeekin egindako bilerak
Arlo honi eragiten dioten auzietan funtzioak dituzten administrazio publikoekin egindako bileren artetik honako hauek nabarmendu nahi ditugu:
a. Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzarekin (GIBZ) egindako bilera
2010. urteko azaroan, bilera bat egin dugu zuzendaritza horrekin. Bilera horretan, genero-indarkeriaren aurkako borrokan bi erakundeek egiten dituzten jarduerei buruzko informazioa trukatzeko asmoz, labur-labur azalduko ditugun gai hauek jorratu ditugu:
1. Arartekoaren eta GIBZren arteko harremanetarako etorkizuneko bidea: ondorioztatu genuen komeni dela bi erakundeen artean aldizkako bilera erregularragoak egitea.
2. Etxeko tratu txarrak eta sexu-erasoak jasaten dituzten emakumeentzako laguntza hobetzeko Erakunde arteko II. Akordioaren Jarraipen Batzordean parte hartzeko Arartekoaren eskaera: GIBZri adierazi genion erakunde gisa parte hartu nahi genuela batzorde horretan, eta GIBZ erabat ados agertu zen. Beraz, Arartekoan erabaki genuen eskabide hori Emakundeko Zuzendaritzari formalki egitea.
3. Urteko datuen informazioa, Arartekoaren urteko txostenerako: bat etorri eginen zuzendaritza horrek EAEn genero-indarkeria jasaten duten emakumeen egoerari buruz urtero egingo duen txostena egokia dela Euskal Autonomia Erkidegoko egoeraren alderdirik nabarmenen berri urtero emateko. Horietan lehena 2009. urtekoa da, eta 2010. urtean argitaratu da, "Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak EAEn" izenburupean. Modu horretara, erabaki genuen etorkizunean, baliabideak aurrezteko helburuarekin, ez diegula datu gehiago eskatuko Eusko Jaurlaritzako Barne eta Justizia sailei, aurreko urteetan egin izan dugun bezala, baizik eta txosten horri lotuko gatzaizkio gure urteko txostenean, egoera horren berri ematen duten datu nagusiak azaltzeko orduan; aldi berean, datu horietatik abiatuko gara, hala badagokio eta eskura dugun informazio gehigarriaren argitan, egokitzat jotzen ditugun analisiak eta balorazioak egiteko.
4. Auziaren egoera, Genero Indarkeriaren Euskal Behatokiari dagokionez: GIBZk adierazi digu zein egoeratan dagoen behatokia sortzeko proiektua, eta iragarri du 2011. urterako eratuko dela.
5. Arartekoan jasotako kexen harira planteatutako arazoak: erakunde honetan jaso ditugun kexetan agertutako arazoetatik zer ondorio nagusi atera ditugun adierazi diogu GIBZri, eta bereziki honako hau jo dugu garrantzitsutzat:
• Genero-indarkeria jasan duten emakumeek etxebizitza eskuratzeari dagokionez:
– Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2006ko urriaren 4ko Agindua berrikustea, genero-indarkeriaren biktima izandako emakumeentzat etxebizitzaren arloan ekintza positiboko neurriei buruzkoa.Eta berrikustea, hala aplikazio-eremuari dagokionez nola etxebizitza eskuratzeko eta esleitzeko betekizunei dagokienez, bai eta arau horrek etxebizitza eskuratzeko sortu dituen bideei dagokienez ere. Gaur egun, etxebizitza eskuratzeko bi bide jasotzen dira agindu horretan: kupo berezi baterako sarbide-sistema eta zuzeneko esleipena. Alabaina, genero-indarkeria jasan duten emakumeen etxebizitza-eskaera oso handia da, eta egiaz bide horiek ez dira batere eraginkorrak eskari horri erantzuteko. Hori horrela, planteatu genuen beharrezkoa dela agindu horretako irizpideak berrikustea eta Eusko Jaurlaritzarekin batera beste erakunde batzuk ere inplikatzea (batez ere udalak, eta aldian-aldian foru aldundiak) genero-indarkeria jasaten duten emakumeei etxebizitza emateko erantzukizunari dagokionez.
– Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzaren eta udalen arteko harremanak indartzea etxebizitzaren arloan, eta udalekin harremanetan egoteko bide protokolizatuak ezartzea. Genero-indarkeriaren esparruan, planteatu genuen beharrezkoa dela gogoeta hau egitea: zilegi ote den udalei eskatzea kasu jakin batzuetan eman diezaietela etxebizitza bat beren bizilagunei, baldin eta gizarte-beharretarako etxebizitza-poltsarik badute. Hala, genero-indarkeria jasaten duten emakumeentzat etxebizitza eskuratzeko ez da ezinbestekoa izango Etxebidek etxebizitza erabilgarriak izatea; izan ere, herri batzuetan ia ez dago bat ere, eta luze itxaron behar izaten da bat eskuratzeko; horren ondorioz, etxebizitza behar duten emakume asko izugarrizko ziurgabetasun-egoeran geratzen dira, eta adoregabetu egiten dira.
• Oinarrizko gizarte-zerbitzuak eta genero-ikuspuntua: hainbat arazo sumatu ditugu gizarte-zerbitzuek genero-indarkeria jasaten duten emakume batzuei hasieran eman dieten tratamenduari dagokionez, besteak beste laguntza eman dieten pertsonek ez dutelako emakume horiei eragiten dieten egoera bereziaren berri. Alde horretatik, uste dugu funtsezkoa dela etxeko tratu txarrak eta sexu-erasoak jasaten dituzten emakumeentzako laguntza hobetzeko Erakunde Arteko II. Akordioaren Jarraipen Batzordeak eginkizun aktiboa izatea gizarte-zerbitzuek genero-indarkeria jasaten duten emakumeekin egin dituzten jarduketei buruzko protokoloak udalei helarazteko.
• Sakabanaketa eta koordinaziorik eza erakundeen erantzunean: horrek atzerapena sortzen du biktimek behar duten informazio zehatza emateari dagokionez, eta, azken batean, erantzuna eraginkorra ez izatea dakar. Izan ere, kasu askotan, indarkeria jasaten duten emakumeak berandutu egiten dira egin beharreko jarduketak egiteko. Horren ondorioz, gainditu egiten dira biktimei prestazio jakin batzuen onuradun izateko legez eskatzen zaizkien epeak, eta, hala, ez dira betetzen betekizun objektiboak. Hori, azkenean, oztopoa da prestazio edo baliabide jakin batzuk esleitzeko.
• Erakundeen erantzun eskasa zalantzazko kasuetan edo judizialki onartu gabekoetan (salaketarik ez badago, tratu txar psikologikoak badira baina lesio fisikorik ez badago, denbora pasatu bada ebazpen judiziala, epaia edo babes-agindua eman zenetik...): kasu horietan, euskal administrazioek ematen duten prestazioa ez da nahikoa, ez eta egokia ere, nahiz eta beharra baden oraindik. Laguntzak lortzeko betekizunak biktimaren egoera ekonomikoari lotuegi daude, eta ez dute biderik ematen banan banako arreta emateko bereziki konplexuak diren eta arauetako egitatezko kasu jakin batzuetan nekez sartzekoak diren egoeretan.
• Lan egiteko beharra, emakume horiek ahalordetzeko eta lana lortzeko laguntza handiagoa emateko: uste dugu beharrezkoa dela zenbait kasutan ebaluatzea beharrezkoa ote den emakumeei gizarte-laguntzako neurri indartsuagoak ematea harrera-baliabideak erabiltzen ez dituzten emakumeei.
• Arazoak justiziaren eremuan:
- doako justizia eskuratzeko sistema berrikusi egin beharko litzateke genero-indarkeriaren kasuetan, kontuan hartuta halako kasuetan prozesu ugari izaten direla eta horrek gastu gehigarriak ekar ditzakeela biktimentzat.
- ofiziozko abokatuen jarduketak batzuetan erakusten du profesional horiek ez dutela prestakuntza espezifikorik eta genero-ikuspegirik.
- zenbait kasutan, ikusten da inplikazio publikoa ez dela aski biktimei laguntza eta orientabide juridikoa emateko.
b. Emakunderekin egindako bilera
2010. urteko urrian, bilera bat egin genuen Emakundeko Zuzendaritzarekin. Bilera horretan, bi erakundeek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez urtean egiten dituzten jarduerei buruzko informazioa trukatzeko eta erakundeen arteko lankidetza handiagoa sustatzeko helburuarekin, laburki azalduko ditugun ondoko gai hauek jorratu genituen:
1. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundearen egoera eta erakunde-loturari buruzko ikuspuntuak:
- kexa bat jaso genuen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legean jasotako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Bulegoaren titulartasuna behin-behinekoa dela salatzeko, eta, horren harira, adierazi genuen horren berri izan nahi genuela. Emakundeko Zuzendaritzak adierazi zigun Eusko Jaurlaritzak Emakunderen barruko administrazio-zerbitzu bihurtu nahi duela defentsa-bulegoa, gaur egungo dituen eginkizun berberekin, baina izaera organikoa kenduta, titularra Emakundeko zuzendaria izateko moduan. Horretarako, asmoa da Eusko Legebiltzarrean 4/2005 Legea erreformatzeko ekimena abian jartzea, eta arlo hori garatzen duen gaur egungo araudia indargabetzea lege horretan. Salaketek gaur egungo tratamendu berbera izango dute aurrerantzean ere. Bat etorri ginen etorkizunean aldatu egin beharko dela Arartekoaren eta defentsa-bulegoaren arteko harremanak arautzen dituen gaur egungo hitzarmena, zuzendariak iragarritako erreformen ondorioz izan daitezkeen titulartasun berrietara egokitzeko.
- bi erakundeek jaso ditugun eta eskumen-arrazoiengatik batetik bestera bideratu diren kexen eta salaketen berri eman genuen (2010. urtean, batez ere lana eta familia bateratzearen ingurukoak izan dira, bai eta pertsona transexualek lanean pairatzen duten bereizkeriaren ingurukoak ere).
2. Arartekoak etxeko tratu txarrak eta sexu-erasoak jasaten dituzten emakumeentzako laguntza hobetzeko Erakunde arteko II. Akordioaren Jarraipen Batzordean parte hartzea: Arartekoak batzorde horretan parte hartzeko nahia adierazi zuela eta, Emakundeko zuzendariak adierazi zuen ados zegoela batzordearen hurrengo bileran asmo horren berri emateko. Bilera hori 2010. urtea amaitu aurretik egingo da. Erabaki genuen Arartekoak eskabide formal bat egin behar zuela bere interesa justifikatzeko. Bestalde, genero-indarkeria jasaten duten emakumeak laguntzeko eta babesteko jarduketa publikoen nondik norakoak ezagutzeko, kontrolatzeko, iradokitzeko edo kasu konkretu batzuetan hobekuntzak proposatzeko egiten dugun esku-hartzeak bide ematen digu egoerari buruzko informazio eta ezagutza interesgarria eskuratzeko, gure ikuspegia eman ahal izateko genero-indarkeria jasaten duten emakumeentzako jarduketa publikoetan modu orokorragoan izan daitezkeen gabeziak edo arazoak konpontzeari begira. Modu horretara, uste dugu gure erakundea herritarrengandik gertu egoteak modua ematen digula kasu askotan ikuspuntu kritikoa izateko, eta horrek lagundu dezakeela hobetzen erakundeek genero-indarkeriaren inguruan ematen duten erantzuna, Erakunde arteko II. Akordioaren funtsezko helburua. Eskabide hori egin ostean, txosten hau ixtean erantzunaren zain geunden oraindik. Erantzun hori akordio hori sinatu duten erakundeek bermatu behar dute.
3. Arartekoko berdintasunerako arloan gaur egun kezka sortzen duten beste auzi batzuk eta erakunde-estrategia bateratuak aztertzeko komenigarritasuna:
• Kooperatibak eta lana eta familia bateratzea:
Ikusita arlo honetan hutsuneak daudela lege aldetik, sozietate kooperatibo garrantzitsu batek Arartekoan aurkeztutako kexa baten bitartez salatu duen moduan, proposatzen dugu Emakunde Eusko Jaurlaritzako erakunde eskudunekin harremanetan jartzea, aldian-aldian arau-ekimenak susta daitezen kooperatiben esparruan familia eta lana bateratzeko eskubideak aplikatzeari dagokionez lege aldetik dauden hutsuneak betetzeko. Emakundeko Zuzendaritzak adierazi digu beste kooperatiba bateko langileen salaketak ere ari direla jasotzen defentsa-bulegoan, eta horrek galarazi egin dezakeela kooperatiba horrek enpresa berdinzalearen bereizgarriari eustea. Hau da, badirudi arazoa zabala dela eta jorratu egin beharko litzatekeela. Nolanahi ere, txosten hau ixten ari ginenean, zain geunden oraindik Emakundek erantzun formala noiz emango Arartekoan arrazoi horrengatik irekitako espedientearen esparruan erakunde horri igorritako informazio-eskabideari.
• Begira organoaren eta 4/2005 Legean aurreikusitako kode etikoa prestatzeko lanen egoera:
Emakundeko zuzendaritzak azaldu du gaur egun organo hori 4/2005 Legera egokitzeko egoera iragankorrean dagoela. Hori aipatu dugu lehenago ere, arlo honen gizarte eta arau testuinguruaren berri ematean.
• Komunikabide publikoak eta emakumeen kirola:
Emakundeko Zuzendaritzari emakumezkoen saskibaloi-talde batek aurkeztutako kexa helarazi genion. Kexa horretan, salatu zuten komunikabide publikoek ez dietela behar besteko arretarik jartzen talde horren jarduerei. Ikusita EITBko zuzendaritza berriak ez zuela erantzun, hala eskatu bazitzaion ere, espedientea artxibatzea ebatzi zen. Nolanahi ere, egoki irizten diogu Emakundek gure ustez konpondu gabeko auzi hori azpimarratzea. Testuinguru horretan, zuzendariak adierazi zigun beste bilera bat egitekoak zirela EITBko zuzendariarekin eta bilera horretan galdetuko ziola gai horri buruz. Erantzunaren zain gaude oraindik.
• Emakumeek jaietan berdintasunez parte hartzea:
Emakundeko Zuzendaritzak adierazi digu erakunde horrek Irungo emakume-talde baten proposamena babesteko iniziatiba hartu duela, herri horretako topaketa-taldeak edo eztabaida- eta sentsibilizazio-sareak sustatzeko, oraindik ere emakumeak alardetik baztertzen dituztela-eta gizarte-kontzientziazioa lantzeko. Gai horri dagokionez, ikusita Euskal Herriko jai eta tradizioetan dagoen sexismoaren arazoa ez dela soilik alardeetan agertzen, baizik eta gizarte-erakundeen multzo bat hartzen duela, hala nola gastronomia elkarteak, Emakunderi planteatu genion komeni zela erakundeek gogoeta orokorrago bat egitea, gizarteari beste berdintasun-ikuspegi bat helarazteko emakumeen eta tradizioaren arteko harremanaren inguruan. Arartekoari dagokionez, aipatu behar dugu Euskal Autonomia Erkidegoko berdintasunari eta jaiei buruzko gomendio orokor bat egiteko konpromisoa hartu dugula.
• Prostituzioaren egoera Euskal Autonomia Erkidegoan:
Adierazi genuen Arartekoak gai hori jorratzea erabaki duela, beharrezko gizarte-eztabaida sortzeko. Emakundek adierazi zigun interesa dutela Arartekoak gai hori jorratzeko. Adierazi genien oraingoz bilera bat egin dugula prostituzioaren inguruan lan egiten duten Euskal Autonomia Erkidegoko talde guztiekin, eta aztertzen ari garela zein tresna izango diren egokienak gizartean eta erakundean eztabaida sorrarazteko.
• Emakumeen Gizarte Kontseilua:
Arartekoak Emakumeen Gizarte Kontseiluan parte hartzeko aukera planteatu du, kontuan hartuta gizarte-errealitatearen zuzeneko informazio-bide gisa herritarrek parte hartzeko organoak eta elkarteak sustatu nahi dituela erakundeak esku hartzen duen arloetan, lehendik daudenak bikoiztu gabe. Emakundeko Zuzendaritzak azaldu du gaur egun organo hori berrikusten ari direla eta soil-soilik gizarteak parte hartuko duen organo bat sustatu nahi dela, hau da, erakundeek parte hartuko ez duten organo bat. Hori oraindik eztabaidatzeko eta onesteko dago. Bitartean, kontu hori argitu arte, bidezkoa dirudi Arartekoak planteatutako ekimena atzeratzea.
IV.3. Ikuskapen-bisitak
Erakunde honetako langileek egin dituzten eta emakumeen berdintasun eta osotasunerako arloari eragiten dioten ikuskapen-bisitei dagokienez, erakunde honetako barne arloan egindakoak nabarmendu behar ditugu. Hala, komisarietara egindako bi bisitatan, genero-indarkeriaren biktimei ematen zaien polizia-laguntzari buruz galdetu genuen.
• Genero-indarkeria jasaten duten emakumeentzako polizia-laguntza:
Zehazki, 2010eko urriaren 21ean Donostiako Ertzaintzaren komisariara egin genuen bisitan, galdetu genuen genero-indarkeriaren biktimek erabiltzen al zuten Bortxa telefonoa, arriskuan dauden biktimentzako segurtasun-neurri gisa. Erantzun ziguten oro har biktimek ez dutela bide hori erabiltzen, eta baieztatu zuten ez zutela askorik baloratzen bide hori segurtasun-neurri gisa; izan ere, biktimek lehenago erabili ohi dute beren kasuaren jarraipena egiteko izendatu zaien agentearen zuzeneko telefonoa, zuzenean jo baitezakete harengana; eta hori, gure galderei erantzun zieten agenteen iritziz, hobea da.
Uste dugu beharrezkoa dela berriro ebaluatzea genero-indarkeriaren biktimen zenbait segurtasun-neurri, eta aldian-aldian horiek baino eraginkorragoak diren beste batzuk jartzea. Oro har, erakunde honetara jo duten eta Bortxa telefonoa esleitua duten emakumeek salatu dute bide horrek ez diela konfiantzarik ematen segurtasun-neurri gisa. Nolanahi ere, biktimei eskaintzen zaizkien segurtasun-neurrien benetako eraginkortasuna sakonki aztertu beharra dagoela erakusten duen etsenplu bat baizik ez da hori, kontuan hartuta emakume horiei konfiantza ere eman behar zaiela, beren autonomia pertsonala erabat garatzeko premisa gisa.
2010eko urriaren 22an Sestaoko Tokiko Poliziaren komisariara egin genuen bisitan, galdetu genuen ba ote duten protokolorik genero-indarkeria jasaten duten emakumeei laguntzeko. Erantzun ziguten ez dutela protokolo zehatzik, ez eta langile espezializaturik ere. Eremu horretan jasotako prestakuntzari dagokionez, kontsultatutako agenteek berek erantzun ziguten prestakuntza hori ez dela aski. Komisaria horretako polizien sexuari dagokionez, adierazi ziguten guztira 14 pertsona daudela, eta horietatik 12 gizonak direla eta 2 emakumeak. Hori guztia horrela, esan behar dugu agenteen adierazpenetatik ondorioztatu dugula komisaria horretan genero-indarkeriaren kasuetan egiten diren bideratzeak zuzenak direla printzipioz, baina emakume horiei laguntzeko baldintzak ez direla egokiak eta ez dituztela betetzen espezializazioaren eta jarduketa protokolizatuaren betebeharrak. Etsenplu horrek baliagarri gertatu behar du gogoeta hau egiteko: beharrezkoa dela tokiko botereei exijitzea printzipio horietara hobeto egokitu dezatela poliziaren esku-hartzeari dagokion eremu konkretu hau.
IV.4. Gomendio orokorren eta ezohiko txostenen jarraipena
Arartekoaren "Emakumeen kontrako indarkeriari erakundeek emandako erantzuna EAEn" izenburuko 2003. urteko ezohiko txostenaren jarraipenari dagokionez, nahiz eta txosten hori egin zenetik zenbat denbora igaro den kontuan hartuta edukietako batzuen balioa zehaztu behar dugun, oraindik ere garrantzitsuak dira txosten horretako gomendio nagusi batzuk, erabat indarrean baitaude oraindik. 2010. urtean arlo honetan egindako jarduketa-planari buruz atal honetan aipatzen ari garen jarduketa guztiak, genero-indarkeriaren ingurukoak, ezohiko txosten horretan jasotako gomendioen muinarekin bat etorriz egin dugun jarraipenaren parte dira; beraz, puntu honetan, errepikapenak saihesteko, egoki irizten diogu erreferentzia horiei lotzea.
IV.5. Gomendio orokor berrien aipamena
Hiru dira edukiagatik arlo honen zuzeneko interesguneari eragiten dioten 2010. urteko gomendio orokorrak: bat, erakunde honetako berdintasunerako arloak berak egina, eta beste biak, Arartekoko justiziaren eta funtzio publikoaren lan-arloen esparruak eginak.
• Hala, banandutako gurasoen erantzukizun partekatuari buruzko Arartekoaren urriaren 15eko 1/2010 gomendio orokorrarekin –erakunde honetako justizia-arloak egin zuen–, botere publikoei eskatu genien eska ditzatela, nork bere eskumenen neurrian, beharrezko lege-aldaketak banantze eta dibortzio kasuetan seme-alaben zaintza bi gurasoek izan dezaten errazteko, hautabide onena bezala. Hori gurasoen erantzukizun partekatuaren bidez egingo da, betiere haurren interesa babestuz beste ezer baino lehenago. Nabarmendu nahi dugu arlo honetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna soilik lortuko dela baldin eta seme-alaben zaintza mekanikoki amei (ama biologikoei, bikote lesbianen kasuan) ematen dien automatismo judiziala amaitzen bada. Beraz, erakunde honetan aldezten dugun jarrera genero-ikuspuntu zorrotzean oinarritzen da. Nolanahi ere, nabarmendu nahi dugu kontu hauetan garrantzitsua dela beti adingabearen nahia nagusitzea, guraso batek edo besteak duen interesaren aurretik.
• Bigarrenik, aipatzekoa da Arartekoaren abenduaren 21eko 3/2010 Gomendio orokorra –Arartekoko berdintasunerako arlo honek egina–, Euskal Herriko jaietan emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeari buruzkoa. Emakumeek tokian tokiko jai-ekintzetan parte hartzearen ondorioz, euskal herrietan sendo errotutako tradizioen adierazgarri baitira horiek denak, gatazka ugari sortu dira. Erakunde honek esku hartu du gatazka horietan, sexuaren ziozko berdintasun-printzipioari jarraiki konpontzeko helburuarekin. Nahiz eta esku-hartze horrek bide eman digun jadanik gure iritzia emateko, eragindako udal batzuei bidalitako ebazpen, gomendio eta adierazpenen bitartez, egokitzat jotzen dugu sortutako arazoari modu bateratuan heltzea eta gure ikuspuntua, bai eta horren ondoriozko gomendioak ere, euskal administrazio publikoei helaraztea. Tokiko botere publikoek, foru aldundiek eta administrazio autonomikoak, beren eskumenen esparruan, ezin diote bizkar eman gizartean gertatzen ari den eta Zuzenbideak sustatu nahi duen aurrerapen sozial ezin saihestuzkoari, aldaketari eta erabateko bilakaerari. Horregatik, beharrezkoa da ez laguntzea herritartasun-kontzeptu herren bat sendotzen jaiak emakumeentzat eta gizonentzat berdinak ez diren Euskal Herriko tokietan, beren babes esplizitu edo inplizituarekin, anbiguotasunarekin edo inhibizioarekin; izan ere, horrek ezin du lekurik eduki gure sistema demokratikoan, eta, zoritxarrez, gure gizartean jarrera arbuiagarriak elikatzen dituen oinarri ideologikoa da. Aldiz, erakunde honentzat bereziki garrantzitsua da erakunde publiko guztiak aktiboki eta irmoki inplikatzea, hinki-hankarik gabe eta indeterminaziorik gabe, Euskal Herri osoan emakumeentzako eta gizonentzako berdintasunezko jaiak sustatzeko.
• Azkenik, Arartekoaren abenduaren 28ko 5/2010 gomendio orokorra egin dugu, familia, lana eta norberaren bizitza bateratzeko neurri gisa lanaldia murrizteko eta moldatzeko edo aldatzeko eskaeren tratamenduari buruzkoa. Gomendio horretan gogorarazi dugu gure erkidegoaren esparruan oraindik ere behin-behinean aldatzeko dagoela Euskal Funtzio Publikoaren Legea. Hori, gure iritziz, erabateko aukera izan daiteke Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua garatzeko ditugun konfigurazio-tarte guztiak baliatzeko. Estatutuaren barruan sartuta daude jadanik familia eta lana bateratzeko beharrezko eskakizunak, emakumeen eta gizonen arteko bene-benetako berdintasunaren ikuspuntutik. Arartekoan animatu nahi dugu susta dadila, alde horretatik, araudiaren aldaketa edo egokitzapena. Izan ere, halako ekimen batekin, behar besteko estaldura juridikoa emango litzaieke familia eta lana bateratzen laguntzeko gisa horretako neurriei. Aldi berean, premiarik gabeko interpretazio-zalantzak saihestuko lirateke eta, gainera, nabarmen babestu eta osatuko luke Eusko Legebiltzarraren Jaurlaritzaren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako martxoaren 2ko 4/2005 Legearen agindua; izan ere, administrazio publikoetako langileen lan-baldintzei buruzko arauen barruan lanaldia malgutzeko eta berrantolatzeko neurriak sartuko lirateke, emakumeen eta gizonen familia, lana eta norberaren bizitza errazago bateratu ahal izateko.
IV.6. Arloan sustatutako ofiziozko jarduerak
Atal honetan, nabarmendu nahi dugu Arartekoak 2010. urteko abenduan ofiziozko jarduketa bat sustatu duela poliziak genero-indarkeriaren kasu batean izandako esku-hartzea ikertzeko; zehazki, Barakaldon senargai ohiak hil zuen gaztearen kasua ikertzeko. Jendartera hedatu ziren datuen artean, atentzioa eman zigun erasotzaileak bere biktimarengandik urruntzeko agindua zuela. Horrek –egia izatera– esan nahi du biktimak salaketa bat jarria zuela bere hiltzaile gertatu zenaren aurka. Gertaerak oso larriak direla eta, egoki iritzi genion ikerketa bat hasteari, zorigaiztoko amaiera hura gerta ez zedin aktibatu ziren neurriak behar bestekoak eta egokiak izan ote ziren argitzeko. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzako Barne sailburuarengana jo dugu, eta hainbat konturi buruzko informazioa eskatu diogu kasu honetan zegoen arriskuari buruzko polizia-balorazioa zein zen jakiteko. Halaber, emakume hori babesteko ezarri ziren segurtasun-neurriei buruzko informazioa eskatu diogu. Txosten hau ixtean, oraindik Eusko Jaurlaritzako Barne Sailaren erantzunaren zain geunden. Nolanahi ere, erakunde honentzat oso garrantzitsua da baldintzak ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegoan halako gertaera dramatiko eta gaitzesgarririk gerta ez dadin beste emakume baten kontra. Horretarako, aztertu egin behar dugu non huts egin duen gure sistemak, baldin eta huts egin badu, poliziaren jarduketa esklusiboa gaindituta, eta kontuan hartuta, halaber, nola jardun duten gure justizia-sistemak ezarritako mekanismoek. Erabat sinetsita gaude gertakizunak argitzeko ahalegin hori euskal erakunde guztiek partekatuko duten erantzukizuna izango dela.
IV.7. Arloak giza eskubideen gaineko parte-hartze foroetan, jardunaldietan eta beste sustapen-jarduera batzuetan izandako parte-hartzea
Hala arartekoak nola haren albokoak arlo honi dagozkion hainbat jardunaldi eta foro publikotan hartu dute parte. Parte-hartze horien berri zehatzagoa izateko, ikus txosten honetako VIII. Kapitulua; izan ere, biek egindako jardueren berri ematen da hor.
IV.8. Iritzi artikuluak eta hedapen-jarduerak
• 2010eko azaroaren 25erako, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunerako, Arartekoak erakunde-adierazpen bat egin zuen. Adierazpen horretan, irmoki gaitzetsi genuen emakumeen aurkako indarkeriaren gizarteko gaitz arbuiagarri hori, oraindik ere demokraziaren oinarriak ahultzen baititu. Adierazpen horretan adierazi genuen sexismoaren edozein adierazpenen aurrean tolerantzia izpirik ez erakustea dela ideologia matxistaren aurkako prebentzio bakarra, eta horretarako aurretiaz neurri sendoak ezarri behar direla, gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasuna ziurtatuko duten neurriak. Halaber, adierazi genuen etengabe ebaluatu behar dela indarkeria jasan eta salatu dutenei erakundeek ematen dizkieten erantzunen multzo zabala, hartzaileen iritzia kontuan hartuta. Bestalde, adierazi genuen beharrezkoa dela genero-indarkeriaren kasuetan banan banako erantzuna ematea. Horrez gain, planteatu genuen beharrezkoa dela bitarteko egoki eta espezializatuak jartzea emakume etorkinei arreta emateko; izan ere, biktimen artean gailendu egiten dira etorkinak. Halaber, adierazi genuen adingabeak askotan indarkeria-mota horren bigarren mailako biktima izaten direla eta premiazkoa dela ondo babestea.
• Bestalde, hori ere azaroaren 25eko egunaren harira, iritzi artikulu bat bidali genuen prentsara, argitara zezaten. Artikulu hori luzeagoa da, eta xeheki garatzen dira azaldu berri ditugun ideiak.
• Halaber, nabarmendu nahi dugu Bizkaiko Caritasen Bihotzez aldizkariak arartekoari egindako elkarrizketa. Emakumeen eta gizonen berdintasunarekin loturiko kontuei buruzkoa da elkarrizketa, eta bertan argi azaltzen da erakundeak zer iritzi duen emakumeen eta gizonen berdintasunarekin loturiko gaiei dagokienez. Horrez gain, arlo honetako gure lanaren oinarri diren zenbait ideia eta printzipio garatzen dira.
V. Kexarik aipagarrienak
V.1. Genero-indarkeria
Arloan jasotako kexa-kopuruari buruzko epigrafean adierazi dugun bezala, lehenik eta behin nabarmendu behar dugu horietatik erdiak genero-indarkeria jasan duten emakumeentzako laguntzarekin loturiko administrazio-jarduketen zioz jarri direla. 2010. urtean izapidetutako genero-indarkeriaren espedienteetan hainbat arazo planteatu dira. Horien aipamen labur eta zehatza egin dugu lehen, Eusko Jaurlaritzako GIBZrekin izandako bileraren berri eman dugunean (ikus atal honetako 4.2.1 epigrafea). Ondoren, sumatutako eta lehen aipatutako arazoak nabarmenkiago agerian jartzen dituen kasu bat azalduko dugu:
• Erakundeek erantzunik ez ematea kasu bati, araudietan ezarritako babespeko egoerekin uztartzen zaila dela eta: Emakume gazte bat etorri zen erakunde honetara, genero-indarkeriaren biktima bera. Erasotzailea haren ezkontide ohia eta haren seme bakar eta adingabearen aita zen. Semea gaur egun amarekin bizi da. Erasotzaileak oraindik ere etengabe mehatxatzen du emakumea. Toxikomania eta gaixotasun mentalaren sintomak dauzka, eta emakumearengandik urruntzeko agindua du. Beraz, semea bisitatzeko eskubidea Eusko Jaurlaritzaren topaleku batean gauzatzen du. Emakumea bere bikotekide ohiaren jabetzako etxebizitzan bizi daiteke, hala ezarri baita ebazpen judizial batean. Poliziaren zenbait segurtasun-neurri dauzka, hala nola Bortxa telefonoa eta noizean behingo zaintza. Hala ere, segurtasunik eza sumatzen du, senar ohiaren etxebizitzan bizi dela eta. Izan ere, horrek bere onetik ateratzen du eta areagotu egiten zaio emakumearen aurkako oldarkortasuna; haren etxearen inguruan indarkeria-ekintzak eginez adierazten du hori (pintaketak, erasoak atarian, haren etxearen sarrailan eta postontzian, bai eta hainbat mehatxu ere). Arrazoi horregatik, kontuan hartuta emakume horrek lan egonkorra duela, nahiz eta soldata murriztua duen bere seme txikiaren kargu egiteko lanaldia murriztua duenez gero, beste bizileku bat lortu nahi du, Etxebidera joz eta alokairuko etxebizitza bat eskatuz. Onartu zaio genero-indarkeriaren biktimentzako kupo berezian sartzea (genero-indarkeriaren biktima izandako emakumeentzat etxebizitzaren arloan ekintza positiboko neurriak ezartzeari buruzko 2006ko urriaren 4ko Aginduan jasoa), baina horrek ez du haren arazoa konponduko. Izan ere, ez zaio etxebizitzarik egokitu bera bizi den lurraldean dauden sustapen urrietan. Emakume horrek ez du inolako diru-laguntzarik jasotzen, haren soldata hilean 1.000 euro baino zertxobait gehixeago delako, baina prozesu-gastu handiak ditu, haren senar ohiaren jarrera mehatxatzaileak eragindako etengabeko salaketen ondorioz ireki diren prozesu judizial ugariengatik, bai eta hark (gurasoek ekonomikoki laguntzen dute) emakumearen kontra abiarazten dituen ekintza judizialengatik ere.
Arartekora jo zuenean, emakume horrek adierazi zigun erabateko desengainua hartu zuela, inon ere ez zuelako laguntza publikorik jaso: ez du lortu alokairuko babes ofizialeko etxebizitzarik; ezin da izan doako justiziaren onuraduna (burutzeke dituen 9tik gora auziei dagozkien prozesu-gastuen zorra erakutsi zigun, 7.000 eurotik gorakoa); ez du laguntzarik jasotzen lana eta familia bateratzeko, lanaldia behar beste murriztu ez duelako; ez dago ados oinarrizko gizarte-zerbitzuek emandako tratuarekin eta laguntzarekin, irizten baitiote ez duela inolako laguntzarik behar; gure iritziz, horrek erakusten du ez dagoela kasu honetan gertatzen den genero-indarkeriaren ikuspuntu espezifikoa. Horri gehitu behar zaio berriki iraungi dela erasotzaileak zeukan urruntze-agindua, eta ezin izan dela judizialki berritu, prozesu-arrazoiengatik, nahiz eta Ertzaintzak berak bere balorazioan adierazi duen badela arriskua kasu honetan. Gainera, kexaren sustatzaileak kontatu du inoiz ez diotela eskaini harrera-baliabiderik hala behar izan duenean, eta, beraz, horrek eragotzi egiten dio alokairuko babes ofizialeko etxebizitza bat lortzea zuzeneko esleipenaren bidetik. Aukera hori lehen aipaturiko 2006ko urriaren 4ko Aginduak jasotzen du.
Esku hartzeko, eragindako hainbat administraziorekin harremanetan jarri gara, hala nola oinarrizko gizarte zerbitzuekin, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailarekin, Biktimei Laguntzeko Zerbitzuarekin, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailarekin eta Ertzaintzarekin. Gainera, kasu honen berri zehatza eman diogu Eusko Jaurlaritzako GIBZri, zuzendaritza hori ere lanean ari baita pertsona horri irtenbideak eskaintzeko. Nolanahi ere, txosten hau ixtean egoera berean zegoen dena, eta emakume horrek ez du ikusten bere egoera konpontzeko modurik. Bestalde, nekez exiji dakieke administrazioei bestela jarduteko; izan ere, haiek, printzipioz, kasu honetako inguruabarrak arautzen dituzten arauen arabera jardun dute.
Kasu hau, gure iritziz, guztiz da adierazgarria, ondo erakusten baitu erakundeen erantzuteko sistemak ezin diela erantzun babesa merezi duten baina gure erantzun-ereduan lekurik aurkitzen ez duten egoerei. Planteatutako kexaren hondoko arazoek honako hau erakusten dute: ez direla eraginkorrak babes-araudi batzuk (hala nola doako justiziari buruzko araudia, etxebizitza eskuratzeko araudia eta familiei laguntzeko araudia) genero-indarkeriaren kasuetan; oinarrizko gizarte-zerbitzuak ez daudela prestatuta genero-indarkeriaren kasuetarako; erakundeen erantzuna barreiatuta dagoela eta ez dagoela administrazioen arteko koordinaziorik kasuari oro har heltzeko; zer disfuntzio sor daitezkeen prozesu judizialen esparruan; eta urruntze-aginduak ez direla eraginkorrak, kasu honetan kaltetuak uste baitu bere erasotzaileak sistematikoki urratzen duela.
Genero-indarkeriaren inguruan jasotako gainerako kexek, nahiz eta ñabardurak eransten dituzten (etxebizitzaren arloan ekintza positiboko neurriak aplikatzeko bi urte igaro behar izatearen arazoa, nahiz eta babes-agindua indarrean egon; genero-ikuspegirik ez izatea genero-indarkeriaren biktima den emakume adineko bati emandako laguntzaren kasuan; segurtasun-neurriak harrera-baliabide batzuetan, eta abar), indartu egiten dituzte azaldutako kasuaren inguruan agertu berri ditugun ondorioak; eta horrek sendotu egiten du gure ideia, hau da, ezinbestekoa dela berriz pentsatzea, ikuspegi orokor batekin, genero-indarkeria jasaten duten emakumeentzat sortu ditugun laguntza-neurrien sistemaren alderdi horiek. Ildo berean, etorkinen alde lan egiten duten erakundeek kritikatu egin dute genero-indarkeria jasaten duten emakumeei ematen zaien laguntza-sistema. Erakunde horiekin biltzeko aukera izan dugu, erakunde honek atzerritarren arloaren barruan garatzen duen lan-esparruan. Bilera horien edukiaren aipamen zehatzagoa aurki daiteke III. kapitulu honetan bertan, etorkinei buruzko atalean. Emakume talde horren berezitasunak, bereziki ahulak baitira, merezi du genero-indarkeriaren biktimentzako laguntzaren arloan eginkizunak dituzten administrazio publikoen arreta berezia; hasteko, administrazioekiko harremanetan itzulpen-zerbitzua emateko beharra dute. Halaber, horri buruz jardun dugu etorkinen arretarako atalean, txosten honetako III. kapituluan bertan.
V.2. Emakumeen parte-hartzea Irungo eta Hondarribiko alardeetan
Oso azaletik aipatu nahi ditugu emakumeek alardetan berdintasunez parte hartzeko erakunde-konpromisorik ez dutela-eta Irungo eta Hondarribiko udalen aurka jasotako kexak. Zehazki, planteatu digute bi udalek uko egin diotela beren herrietan eskuorri batzuk zabaltzeari. Eskuorri horiek Gipuzkoako Foru Aldundiak banatu ditu lurralde horretako udal guztietan, Gipuzkoako jaietan emakumeek berdintasunez parte hartzearen inguruan gizartea sentsibilizatzeko. Horrez gainera, salatu dute Hondarribiko Udalak ez duela lagundu Jaizkibel konpainia ageriko egin eta jaietan normal integratzen laguntzeko kaleko entsegu-ordutegiak emateko orduan, alardearen aurretik eskuarki egiten diren konpainia guztien entseguetan. Kasu horietan, udal horiei gogorarazi diegu beharrezko neurriak ezarri behar dituztela jaietan emakumeen eta gizonen erabateko berdintasuna lortzeko. Alde horretatik, uste dugu oso garrantzitsua dela Euskal Herriko jaietan emakume eta gizonen berdintasuna bermatzeko Arartekoaren abenduaren 21eko 3/2010 Gomendio orokorrean –lehen aipatu dugu– jasotako gomendioak onartzea eta aplikatzea. 2011. urtean begiratuko dugu eragindako udal guztiek ezarri ote duten.
V.3. Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko ekintza positiboak
Azkenik, bi kexa aipatuko ditugu, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan administrazio publikoek egindako bereizkeriarekin eta ekintza positiboekin loturikoak. Horien oinarri juridikoa honako lege hauek dira: Konstituzioko 14. eta 9.2 artikuluak eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta Estatuko berdintasunari buruzko legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legea, eta Emakumeen eta Gizonen arteko Benetako Berdintasunerako 3/2007 Lege Organikoa.
• Emakumeek herriko historian izan duten betekizuna ikusezin bihurtzen duten udal panelak. Herri bateko bizilagunek adierazi digute beharbada emakumeak baztertu egin dituela Udalak, argazkiz eta testuz osatutako herriko historiari buruzko panel batzuk jendartera hedatzeko egin dituen jarduketetan. Izan ere, horietan soil-soilik herriko gizonen balioa nabarmentzen da, itsasoko gizon gisa, eta ez dira inola ere aipatzen emakumeek herri horretako historian egindako ekarpenen balioa eta merituak. Gure esku-hartzearen xedea hauxe izan da: argitzea udal horrek kontuan hartu ote duen emakumeek herriko historian eta garapen ekonomiko, kultural eta sozialean izan duten betekizuna ageriko egiteko beharra. Horretarako, uste dugu beharrezkoa dela ahalegin gehigarri bat egitea material egokiak bilatzeko eta oro har isildu den historia hori agertzeko edukiak lantzeko. Alde horretatik, beharrezkoa da ekintza positiboak egitea, bereziki emakumeak ageriko egiteko, haien kontakizuna sistematikoki ezkutatu baita historian. Emakumeak historian etengabe bihurtu izan dira ikusezin, eta, gaur egun jakinik emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak gure gizarteari nolako kaltea egiten dion, erauzi egin behar dugu. Horretarako, beharrezkoa da botere publikoek beren-beregi aipatzea emakumeek gure historian egin dituzten ekarpenak; izan ere, nahiz eta urte askoan ezkutuan egon diren, erabakigarriak izan dira gure gizartea garatzeko. Gizonek ekarritako balioak soilik aipatzeak isildu egiten du biztanleen beste erdiek, emakumeek, gaur egun garena izateko egin duten ekarpen baliozkoa. Gaur egun ebaluatzen ari gara gai horren inguruan zer ebazpen atera, baina kezkatu egiten gaitu Udalak ez onartzea bene-benetako berdintasuna lortzeko oinarri diren postulatuak, hau da, beharrezkoa dela "emandako errealitateaz" harago joatea, hori ere sorkuntza ideologiko bat dela ulertuta, eta zalantzan jarri behar dela, benetan berdintasunezkoa den "errealitate berri" bat lortzeko.
• Enplegurako prestakuntza lortzeko emakumeen aldeko ekintza positiboak egitearen aurkako salaketa Bestalde, gizon gazte batek kexa bat aurkeztu digu Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren aurka, emakumeei lehentasuna ematen dielako enplegurako prestakuntza-ikastaro batzuetan sartzeko. Haren iritziz, baztertu egiten dute, gizonezkoa den aldetik. Kexa aztertuta, ondorioztatu dugu jarduketa hori erabat zuzena dela. Izan ere, ez dago bereizkeriarik, baizik eta ekintza positiboko kasu bat da, eta badago justifikazio objektibo eta arrazoizko bat tratu desberdina emateko. Oso garrantzitsua iritzi diogu kexa horren sustatzaileari xeheki eta argiro azaltzeari zergatik diren gisa horretako neurriak guztiz zuzenbidearen araberakoak. Izan ere, uste dugu beharrezkoa dela lan pedagogiko bat egitea, herritar guztiek uler dezaten zein den ekintza positiboen zentzua; hau da, beharrezko eta bidezko tresna dela, abiapuntuko bidegabekeria indargabetzeko; kasu honetan, modu aktiboan sustatuta historian zehar hainbat arlotan, hala nola emakumeak lana eskuratzeko orduan, baztertu diren taldeen berdintasuna.
VI. Ondorioak
2010. urtean arlo honetan egindako lanari dagokionez, honako hau nabarmentzen da batez ere:
• Genero-indarkeria
Erakundeek genero-indarkeriaren kasuetan ematen duten erantzunarekin loturiko gaiei buruzko kexak ugaritu egin dira, eta, gainera, aurten areagotu egin da gisa honetako indarkeria jasaten duten emakumeen heriotza-kopurua. Horren ondorioz, emakume horiei arreta eta laguntza emateko gure sistemaren gabeziei buruzko gogoeta egin dugu. Arlo hori kontrolatzeko gure lanetik atera ditugun ondoriorik nabarmenenak honako hauek dira:
Babes-arau batzuk ez direla eraginkorrak eta ez direla nahikoak (hala nola doako justiziari buruzko araudia, etxebizitza eskuratzeko araudia eta familiei laguntzeko araudia) genero-indarkeriaren kasuetan; oinarrizko zenbait gizarte-zerbitzuk eta tokiko zenbait poliziak ez dutela prestakuntza espezializaturik genero-indarkeriaren kasuetarako; erakundeen erantzuna barreiatuta dagoela eta ez dagoela administrazioen arteko koordinaziorik kasu bakoitzari oro har heltzeko; zer disfuntzio sor daitezkeen prozesu judizialen esparruan gisa honetako indarkeria jasaten duten emakumeentzat eta haien seme-alabentzat; urruntze-aginduak ez direla eraginkorrak eta horrek galarazi egiten duela zenbait kasuren berezitasunak kontuan hartuta laguntza pertsonalizatu eta egokitua ematea, eta arrazoi horrengatik ez zaiela ematen nahi den babesa; beharrezkoa dela emakume etorkinei arreta berezia ematea, arlo honetan ahulagoak direlako.
Lan-eremu horri dagokionez, harremanetan egon gara Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzarekin (GIBZ), bai eta genero-indarkeria jasaten duten emakumeei laguntza ematen dieten elkarteekin ere. Horiei gure gogoetak helarazteko aukera izan dugu, eta gai horren inguruko ikuspuntuak eta iritziak trukatu ditugu.
Dena dela, garrantzitsutzat jo dugu, genero-indarkeria jasaten duten emakumeentzako laguntza hobetzen modu eraginkor eta zuzenagoan laguntzeko helburuarekin, Arartekoak parte hartu ahal izatea etxeko tratu txarrak eta sexu-erasoak jasaten dituzten emakumeentzako laguntza hobetzeko Erakunde arteko II. Akordioaren Jarraipen Batzordean. Horretarako, formalki eskatu dugu batzordean sartzea, eta gaur egun akordio hori sinatu duten alderdien erantzunaren zain gaude.
Azkenik, erakundeek Barakaldoko emakume bati eman zioten erantzuna ikertzeko sustatu dugun ofiziozko jarduketa nabarmendu nahi dugu. Izan ere, senargai ohiak hil zuen, urruntze-agindua bazuen ere, 2010. urteko abenduan. 2011. urtean ezagutu ahalko ditugu ikerketa horren emaitzak, eta hortik ondorioak atera nahi ditugu, Euskal Autonomia Erkidegoan berriro halako gertaera dramatiko eta gaitzesgarririk ez gertatzeko oinarriak ezartzeko.
• Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari eragiten dioten kontuei buruzko gomendio orokorrak
Hiru gomendio orokor egin ditugu lan-arlo honen intereseko gaiaren inguruan:
Arartekoaren urriaren 15eko 1/2010 Gomendio orokorra –erakunde honetako justizia-arloak egina–, banandutako gurasoen erantzukizun partekatuari buruzkoa. Horren bidez, botere publikoei eskatu genien eska ditzatela, nork bere eskumenen neurrian, beharrezko lege-aldaketak banantze eta dibortzio kasuetan seme-alaben zaintza bi gurasoek izan dezaten errazteko, hautabide onena bezala. Hori gurasoen erantzukizun partekatuaren bidez egingo da, betiere haurren interesa babestuz beste ezer baino lehenago. Nabarmendu nahi dugu erakunde honetan aldezten dugun jarrera genero-ikuspuntu zorrotzean oinarritzen dela. Izan ere, arlo honetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna soilik lortuko da baldin eta egitate biologikoa dela-eta seme-alaben zaintza mekanikoki amei ematen dien automatismo judiziala amaitzen bada.
Arartekoaren abenduaren 21eko 3/2010 Gomendio orokorra –Arartekoko berdintasunerako arlo honek egina–, Euskal Herriko jaietan emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeari buruzkoa. Emakumeek Euskal Autonomia Erkidegoko jai-ekintzetan parte hartzeagatik sortutako gatazkek bide eman digute gure iritzia emateko, eragindako udal batzuei bidalitako ebazpen, gomendio eta adierazpenen bitartez. 2010. urtean komenigarritzat jo dugu planteatutako arazoari modu bateratuan heltzea eta gure ikuspuntua, bai eta horren ondoriozko gomendioa ere, euskal administrazio publikoei helaraztea. Horietan agerian uzten dugu gure iritziz beharrezkoa dela tokiko botere publikoek, foru aldundiak eta administrazio autonomikoak, nork bere eskumenen esparruan, ez laguntzea herritartasun-kontzeptu herren bat sendotzen jaiak emakumeentzat eta gizonentzat berdinak ez diren Euskal Herriko tokietan, beren babes esplizitu edo inplizituarekin, anbiguotasunarekin edo inhibizioarekin. Erakunde honentzat bereziki garrantzitsua da erakunde publiko guztiak aktiboki eta irmoki inplikatzea, hinki-hankarik gabe eta indeterminaziorik gabe, Euskal Herri osoan emakumeentzako eta gizonentzako berdintasunezko jaiak sustatzeko.
Arartekoaren abenduaren 28ko 5/2010 Gomendio orokorra, familia, lana eta norberaren bizitza bateratzeko neurri gisa lanaldia murrizteko eta moldatzeko edo aldatzeko eskaeren tratamenduari buruzkoa, Arartekoko funtzio publikoaren arloak egina. Gomendio horrekin, funtzio publikoaren arloko araudia aldatu edo egokitzea bultzatu nahi dugu –Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Eusko Legebiltzarraren martxoaren 2ko 4/2005 Legean agindutakoa betez, hau da, administrazio publikoetako langileen lan-baldintzei buruzko arauen barruan lanaldia malgutzeko eta berrantolatzeko neurriak sartuz, emakumeen eta gizonen bizitza, familia eta lana bateratzea errazteko–, behar besteko estaldura juridikoa emateko familia eta lana bateratzen lagunduko duten neurriei, eta, hala, gaur egun zenbait kasutan sortzen diren interpretazio-zalantzak argitzeko.
• Elkarteekin egindako bilerak (batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoan prostituzioan jarduten diren emakumeen arazoei erakundeek ematen dieten erantzunaren inguruan)
Urtean zehar emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin loturiko hainbat eremutan lan egiten duten talde eta elkarteekin bildu gara. Bilera horien artetik, gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan prostituzioan aritzen diren emakumeekin lan egiten duten elkarte guztiekin egindakoa nabarmendu nahi dugu. Bilera horretan, aukera izan dugu haztatzeko zer iritzi duten arlo horretan lan egiten dutenek Euskal Autonomia Erkidegoan bereziki ahulak diren pertsonen eskariei eta beharrei erakundeek ematen dieten erantzunaren inguruan. Lehen hurbilketa horretatik ondorioztatu ahal izan dugu beharrezkoa dela eztabaida hau sortzea: beharrezkoa dela euskal botere publikoak inplikatzea, emakume horien bizi-baldintza zailak hobetzeko erantzunak emateko. Arrazoi horrengatik, erabaki dugu 2011. urtean Arartekoan lanean jarraitzea gai honen inguruan. Horretarako, tresna berriak eratuko ditugu, eta, horien artean, ziur asko herritarrek parte hartzeko foro bat antolatuko dugu, Euskal Autonomia Erkidegoan prostituzioan aritzen diren emakumeen egoerari buruz jarduteko.
• Kexa aipagarrienak
Azkenik, arlo honetako kexen harira planteatu diren gairik nabarmenen artean, aipatu nahi dugu ekintza positiboek zer irismen eta zer muga dituzten, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lor dezaketela. Garrantzitsu irizten diogu botere publikoak arlo honetan jarrera proaktiboa izateko beharraz jabetzea, eta, horren ondorioz, emakumeek historian izan duten baztertze-egoera indargabetuko duten neurriak bultzatzea, eremu guztietan benetan errealitate berdinzale bat lortzeko modu bakar gisa. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloaren gaur egungo erronka handiena da jarduera publiko guztiek genero-ikuspegia izatea, desberdintasuna sumatzeko eta, beharrezkoa izanez gero, behar bezala zuzentzeko, emakumeen aldeko ekintza positiboak abian jarrita. Horrek tokian tokiko kultur jarduerei ere eragiten die. Esate baterako, herri bateko historia zabaltzeko antolatu diren ekintzen eta argitaratu diren materialen kasua, arlo honetan jasotako kexei buruzko atalean aipaturikoa.